Lightbeam-i buruz

Nola funtzionatzen du gehigarriak?

Lightbeam-ek bisitatzen dituzun guneen, eta gune horietan aktibo dauden hirugarrengoen arteko erlazioak bistaratzen ditu.

Bi irudikapen grafiko interaktibo desberdin erabiliz — grafikoa eta zerrenda — Lightbeam-i esker banako hirugarrengoak azter ditzakezu, zure lineako jarduerarekin non konektatzen diren identifikatu, eta Webaren ikuspegi bakar honetan barneratzeko erak eskaintzen dizkizu.

Grafiko-ikuspegi lehenetsiak denbora errealean bistaratzen ditu bisitatzen dituzun gune guztiak, eta nabigatzailetik burututako hirugarrengoen eskaerak. Grafiko-ikuspegiak iragazki erregulagarriak ere eskaintzen dizkizu, begiratu bakarrean datu mota gehiago ikusteko aukera emanez. Zerrenda-ikuspegiak banako guneen datuetan gehiago sakontzeko aukerak eskaintzen dizkizu. Zerrenda-ikuspegiko guneen hobespenen bitartez, gune jakin batzuk Firefox nabigatzailera konektatzea ekidin dezakezu, gune interesgarrienak gertutik zaindu, edo beste batzuk ezkutatu.

Lightbeam-ek informazio-panel bat ere eskaintzen dizu, hautatutako guneari buruzko xehetasunekin, eta konektatuta dituen guneen datuekin.

Lightbeam-en jatorria

Lightbeam 2011ko uztailean jaio zen Collusion izenarekin, Atul Varma Mozillako software-garatzailearen proiektu pertsonal gisa. The Filter Bubble liburuan inspiraturik, Atulek gehigarri esperimental bat sortu zuen webean nabigazioaren portaera eta bildutako datuak bistaratzeko.

2012ko otsailean, Gary Kovacs-ek, garai hartan Mozillako CEO edo zuzendari nagusi zenak, Collusion gehigarria sareko segimenduari buruzko TED talk batean aurkeztu zuen (une honetan inoiz izan den TED talk arrakastatsuena delarik).

2012ko irailean, Mozillak Emily Carr University of Art + Designeko irakasle eta ikasle ikertzaileekin batu zituen indarrak, gehigarriarentzat bistaratzeak garatu eta inplementatzeko. Ford fundazioaren eta Natur Zientzia eta Ingeniaritzako Ikerkuntza Kontseiluaren (NSERC) sostenguari esker, Collusion berrirudikatu eta Lightbeam-ek argia ikusi zuen 2013ko udazkenean.

Lankidetzari buruz gehiago irakurtzeko, bisitatu http://research.ecuad.ca/lightbeam

Politika eta segimenduari buruzko narratiba zabalagoa

Mozillan uste dugu pertsona bakoitzak sareko bere pribatutasunari buruzko erabaki propioak hartzeko tresnak izan behar dituela, eta datu horiek nork eskura ditzakeen erabaki. Lightbeam gehigarriarekin komunitatearentzako ikerkuntza-plataforma baliotsu (eta ireki) bat ari gara eskaintzen; segimenduaren eta pribatutasunaren arloan kontzientzia piztu, azterketa sustatu eta, azken batean, politiken aldaketa bat eragitea helburutzat daukana. Lightbeam urrats bat gehiago da Mozilla eta bere bazkideen ahalegin bateratuan, web-erabiltzaileen datu pertsonalen kontrola eta gardentasuna areagotzeko.

Ikasi gehiago sareko segimenduari eta pribatutasunari buruz

Mozilla Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, web irekiaren balioak munduan osoan sustatzen dituena. Hau baino zabalagoa den Mozilla komunitateak argi du sareko pribatutasunaren garrantzia gero eta handiagoa dela, eta arazoari era desberdinetan heltzen dioten hainbat ekimeni laguntza ematen die. stopwatching.us
www.mozilla.org/dnt/

Lightbeam-eko datu-formatuak

Bisitatu Github-eko dokumentazioa Lightbeam-en erabilitako fitxategi-formatuei buruz gehiago ikasteko.

Lightbeam-en bazkideak

Ford Foundation irabazi-asmorik gabeko erakundea da, misiotzat gizateriaren ongizatean aurrera egitea duena. Balio demokratikoak indartu, txirotasuna eta injustizia soziala gutxitu, gizakien lorpenei sostengua eman eta nazioarteko lankidetza bultzatzen duten enpresa eta instituzioei eskaintzen die bere laguntza.

Emily Carr Arte + Diseinu unibertsitateko Social + Interactive Media (SIM) zentroak diseinu eta multimedia-proiektu sail zabal bati sostengua ematen dio, enpresei sarbide zuzena emanez Columbia Britainiarreko irakasle eta ikasle kreatiboenen pentsaera berritzailera, diseinu-tekniketara, eta ikerkuntzan daukaten trebetasunera.